Itzoskail taldeak "Kuartetoaren osotasuna" izenburupeko kontzertua eskainiko du bihar Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) Donostiako egoitzan, Miramongo Matineeak zikloaren baitan. Hari-laukoterako idatzitako obrarik esanguratsuenen barrena ibilbidea egingo du taldeak saioan, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Seguir leyendo el arículo
Itzoskail laukoteak Ludwig van Beethoven maisuaren azken kuartetoak interpretatzea du helburu, orain hasi eta urtean eta bi urtez behin jarraipena izango duen ekimenean, konpositore honek musika-forma hori bere gorenera eraman baitzuen, bere azken lanak benetazko egutegi pertsonalak bilakatuz.
Oraingorako Wolgang Amadeus Mozartek bere osotasun formaleko unean Haydni eskainitako sei kuartetoen artean lehenbizikoa aukeratu da osagarri gisa.
Musikologo handiek Beethovenen azken kuartetoak azken zei zenbakiek osatutako obra handi oso bat bailitzan hartzen dituzte: sarrera, lau aldi eta epilogoa. Hari-kuartetoa do sostenitu minorrean, opus 131 hasiera ona da bere sorkuntza osoa laburbiltzen duen Beethovenen lengoaian murgiltzeko; lengoaia honek bide egin zien musikaren historian zehar Beethovenek utzitako ondareari jarraipena ematea helburu izanik sortutako forma eta estilo berriei.
Honela, Itzoskail taldearen xedea hari-kuartetorako idaztearen erronkari aurre egiteko musika-forma hau bere gorenera eraman zuten bi konpositore gailenek hartutako bidea erakustea izango da larunbateko emanaldian.
Kontzerturako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita EOSen egoitzaren leihatilan, kontzertuaren egunean, 10:30etatik aurrera. Halaber, doako autobus zerbitzua dago Miramongo egoitzara joateko, 10:25ean Donostiako Gipuzkoako Plazako 4 zenbakitik atera eta Atso Jakituna Hiribideko 18 zenbakian eta Madrilgo Hiribideko 34an geldialdiak eginez.



