Búsqueda

EUSKADI.-Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. Erakusketa egingo da Bilbon gaurtik azaroaren 14ra eta 19 film emango ditu

Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. Erakusketa izango da Bilbon gaurtik azaroaren 14ra bitartean. Herrialde desberdinetako zuzendarien hamar film luze eta bederatzi film labur eskainiko dira aste osoan zehar Capitol zineman, egunero 20:00etan egingo diren emanaldietan. Seguir leyendo el arículo

Erakusketaren asmoa kalitatea eta berrikuntza uztartzea da, nazioarteko hainbat zinemalditan saritutako baina oraindik argitara ekarri gabeko filmak, film laburrak eta dokumentalak areto komertzialetan emanez. Atzerriko hizkuntzetan dauden film guztiak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin eskainiko dira.

Bilboko Udalaren Berdintasun, Lankidetza eta Hiritargo Sailak eta Simone de Beauvoir Elkarteak antolatu dute erakusketa, BBK Fundazioaren lankidetzarekin. Bertan, "konbentzioak alde batera utzi eta haize fresko berritua duen zinemaz gozatzeko gonbitea luzatuko zaigu", adierazi dute antolatzaileek.

Erakusketaren asmoa "ikusezina ikusgai jartzea da", emakumeen begirada desberdinak Bilboko publikoaren eta zinema-munduaren esku jarriz. Hori guztia zinemazaleek munduari beste era batean begiratzeko aukera izan dezaten.

Aurten erakusketa inauguratzeko ardura izango duena zinema erotikoko zuzendari Erika Lust izango da, "ezohikoa eta berritzailea". Gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera, zinema feminista eta pornografikoaren aukerari buruzko hitzaldia emango du Lustek Lan Ekintzako ekitaldi-aretoan, "Posiblea al da porno feminista?" izenburupean.

Filmetarako sarrerak Capitol zinemako leihatiletan edo BBK kutxazainetan erosi daitezke. Azaroaren 9tik 13ra arte 4,70 eurotan salduko dira, eta larunbateko emanaldi bakoitzak, ostera, 3 euro balioko du.

ATALAK

Urtero bezala, erakusketan aukera izango da emakumeek zuzendutako film onenetarikoen sorta ikusteko, mundu osoko zinemaldietan saritutako lanez osatua. Erakusketan zehar, emanaldi bat izango da egunero eta, horretan, film luze bat eskainiko da, Espainian edo Euskal Herrian ekoitzitako film labur batekin batera.

Hauek dira, besteak beste, egitarauan dauden film laburrak: "A las once", Antonia San Juanena; "La Espinita", Tania Arriaga euskal zuzendariarena; eta "El Palacio de la Luna", Ione Hernandez donostiarrarena. Hernandezen lanik berriena, eskizofreniari buruzko dokumental bat, Julio Medem ospetsuak ekoiztu du.

Horrez gain, azaroaren 14ko 16:00etatik aurrera, "dosi txikiko" zinemak esparru propio eta berezia izango du lau film labur hartuko dituen "Laburrak femeninoz" atalean zein "Minutuko bideoa" atalean. Azken hori Trama elkarteak aldizka antolatzen duen emakumezko biztanle guztientzako sorkuntza-espazioa da eta harrera ona izan ohi du. Trama elkarteak Estatu mailan emakumeek egindako ikus-entzunezko ekoizpenen jaialdiak koordinatzen ditu.

"Minutuko bideoa: espazio propioa eta film kolektiboa" minutu bat irauten duten bideoz osatutako film bakarra da. Zuzendari zaletuek egiten dituzte bideo horiek, sekuentzia-planoan eta gai berberaren inguruan.

Erakusketa bukatzeko, azaroaren 14ko 18:30etatik aurrera, zirkuitu komertzialetan jada eman lau film luze jarriko dira "Ikusi ahal izan zenituen?" atalaren barruan, filmak galdu zituztenek ikusteko aukera izan dezaten: Aizpea Goenagaren "Sukalde kontuak", Nina Paleyren "Sita sing the blues", Shamim Sarifen "The World Unseen" eta Chus Gutierrezen "Retorno a Hansala".

Copyright ©2009 Yahoo!, Todos los derechos reservados

Advertencia: Archivamos datos personales en este sitio. Para saber para qué usamos tu información, consulta nuestro Política de Privacidad