Gipuzkoako Foru Aldundiak Herri Irratia-Loiola Mediaren funts historikoa erosi du. Bobina eta kasete moduko euskarri zaharretan, 2.200 ale inguru eta horrenbeste mini-diskek osatzen dute Herri Irratiko grabaketa funtsa, eta erosketa, 200.000 eurotan gauzatu da. Seguir leyendo el arículo
Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren barruan kokatzen da erosketa, hau da, kultur edukiak sarean guztientzako eskuragarri eta erabilgarri jartzen dituen programan, Gipuzkoako Foru Aldunditik gaur jakinarazi dutenez.
Herri Irratiko soinu-funtsa "altxor handi bat da". 1961ean sortu zenez geroztik, azken bost hamarkadatan bildutako lekukotza eta iritziek Euskal Herriaren kultur, politika eta gizartearen historia osatzen dute. Herri Irratiko funtsak bildutakoak "ezinbestekotzat" jo daitezke, "XX. mendeko euskal gizartearen garapena ulertu eta hobeto ezagutzeko". Izan ere, garai batean Gipuzkoa osoko esparrua harrapatu eta euskaraz emititzen zuen irrati bakarra izan baitzen Herri Irratia.
Herri Irratiko artxibo historikoari begiratua bota eta "gauza harrigarriak" daudela azpimarratu dute foru erakundetik. Horrela, euskal kantagintzaren eta bertsolaritzaren "altxorrak" daude gordeta, baita euskal kulturgintzan edo politikagintzan erreferente izan diren pertsonaiei egingiko elkarrizketak eta gizarte mugimenduen lekukotzak, besteak beste.
Hainbat formatutan bilduak daude grabaketak: bobinatan, kasetetan, eta mini-disketan. Audio funts hau guztia egoki katalogatu behar da orain, bere momentuko identifikaziotik abiatuta gaur eguneko katalogazioetara ekartzeko. Digitalizazio eta katalogazio estandarizazioa erabiltzaileei bilaketa azkarrak egiteko ahalmena emango die. Bestalde, entzunezko euskarri horiez gain, sorta honen barruan ehunka gidoi eta dokumentu gehitu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Herri Irratiko artxibo historikoaren garrantziaren jakitun, eta Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren barruan, funts historiko horiek erosi ditu. Gipuzkoa 2.0 programaren filosofiari jarraituz, eduki horiek guztiak digitalizatu eta gizarteratzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua.
Digitalizatzearekin eta katalogatzearekin, Herri Irratiaren funtsak behin betirako euskarrian egotea lortuko da, galtzeko arriskurik gabe. Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren baitan, eduki horiek guztiak sarean jarriko dira, erabili nahi dituen edonorentzat, modu errazean eskuragarri eta erabilgarri.



