Búsqueda

EUSKADI.-Bilboko BAD antzerki eta dantza jaialdiaren hamaikagarren edizioko kartela "programaren atal" bihurtu da aurten

BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidea iragartzen duen kartela ekimenaren nortasun ikur bilakatu da, baina jaialdiaren hamaikagarren edizio honetan, "programaren atal" ere bihurtu da Mabi Revuelta artista bilbotarraren lanari esker. "A" hizkia osatuz bi eskeletorekin batera agertzen diren bi dantzariren irudiak, erakusketa bat, ballet bat, 'performance' bat eta sormen prozesuari buruzko hitzaldi bat iragartzen ditu. Seguir leyendo el arículo

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultur eta Hezkuntza zinegotziak eta Mabi Revueltak berak aurkeztu dute gaur BAD jaialdia aurten iragarriko duen kartela.

Proiektuari "ABECEDA" izenburu generikoa jarri zaio, 1926an Devetsil txekiar talde abangoardistako hiru artistek (Vitezslav Nezval poetak, Karel Teige diseinatzaileak eta Milca Mayerova dantzari eta koreografoak) sinatutako elkarlanaren oroimenez.

Nezvalek alfabetoaren hizkiei eskaini zizkien lauko errimako 25 bertso oinarritzat hartuz, Mayerovak dantza iraultzailea taxutu eta "ABECEDA" liburua argitaratzeaz arduratu zen. Teigek 'collage' tipografiko baten antzera diseinatu zuen liburua, eta Poetismoa deritzon mugimenduaren adibiderik onena omen da. Poetismoa Devetsil taldearen oinarrizko ideia da, baita arte modernoaren teoriari egin zioten ekarpen nagusia ere.

Erreferentzia historiko honetatik abiatuta landu du Mabi Revueltak bere azken proiektua, era askotako osagai eta erreferentziak uztartuz: Pragako Antzerki Beltza, Bauhausen ballet esperimentala eta tradizio surrealista eta dadaista, besteak beste.

JARDUERA ANITZAK

Honela, BADen hamaikagarren edizioa iragartzen duen kartelak era askotako jarduerak aurreratzen ditu, hala nola Vanguardia Galerian bihar hasita artistak balleta zuzentzeko erabili dituen material kontzeptualetako batzuk bilduz antolatu den erakusketa; urriaren 28an Arriaga Antzokian egingo den ballet honen estreinaldia eta ballet honetan oinarriturik egindako 'performance', galeria berean urriaren 29an taularatuko dena. Mabi Revueltaren ikuskizun esperimental honetan, izaera eszenografikoa eta diziplina-anitzekoa da nagusi, eta dantza, antzerkia, poesia eta musika uztartzen ditu.

Jaialdia iragartzeko kartelaren argazkiari dagokionez, artistak lehengo poema ilustratzen duen irudia egin du, hau da, "A" letra. Zeinu honen oinarrizko izaerak erreferentzia zuzena egiten dio gerren arteko garaian Europan sortu zen abangoardiako lehenengo antzerkiaren filosofiari. Eskeletoek, hizkiak bezala, gizakiaren adierazpiderik oinarrizkoena irudikatzen dute, baina horrez gain, irudian haiei oratuta agertzen diren bi dantzariak babesten dituztela ematen du.

Erakusketaz eta 'performance'-az gain, Vanguardia Galerian proiektu honen sormen prozesuaren inguruko beste jarduera batzuk ere antolatuko dira BAD jaialdiak irauten duen bitartean. Adibidez, Mabi Revueltak emango duen hitzaldia. Erakusketa urriaren 26tik azaroaren 7ra bitartean egongo da ikusgai.

MABI REVUELTA

1967an Bilbon jaioa da Mabi Revuelta eta Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), lizentziatura 1990ean lortuz. Hurrengo urtetik aurrera hasiko da bere obrak erakusten profesionalen moduan, eta harez geroztik, mundu osoko esparru, galeria eta museoetan ikusi ahal izan dira bere lanak.

2000. urtean hiru lan egin zituen Bilboko Guggenheim Museoan ikusgai egon zen "La Torre Herida por el Rayo" erakusketarako. 2000 eta 2005 artean, denboraldi batzuetan, New Yorken bizi izan zen, eta 2003an, Marcelino Botín Fundazioaren beka lortu eta hiri horretara joan zen bizitzera, International Studio & Curatorial Program delakoan parte hartzeko asmoz.

Mabi Revueltaren lanak ondorengo museo eta bilduma publikoetan ikus daiteke: TEA Tenerife Arteen Espazioa; International Museum of Women, San Francisco, California; Marcelino Botín Fundazioa; Artium, Euskal Arte Garaikideko Museo-Zentroa, Gasteiz; Nafarroako Museoa; Iruñeko Udala; Gazteria Institutua; Bizkaiko Foru Aldundia; Muskizko Udala; Segoviako Diputazio Probintziala; Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultatea; Balmasedako Udal Ateneoa eta BilbaoArte Fundazioa.

Copyright ©2009 Yahoo!, Todos los derechos reservados

Advertencia: Archivamos datos personales en este sitio. Para saber para qué usamos tu información, consulta nuestro Política de Privacidad